CCOO Irakaskuntza, ELA eta Steilas-ek fiskaltzara joko dute eusko jaurlaritzak ikastetxeen arteko desorekak areagotzen dituen erabaki eta irregulartasunak salatzeko

    Begi bistakoa da gure gizartea gero eta anitzagoa dela, begi bistako den bezala aberastasunaren banaketa bidegabearen ondorioz desberdintasun sozialak goruntz doazela. Abagune honetan, Eusko Jaurlaritzak murrizketa politikak aurrera eraman eta gizarte anitza kudeatzeko hartzen dituen erabakiak agerian uzten dute gure politikarien borondatea.

    20/09/2019.
    Argazkia: Asier Errasti. HamaikaTb

    Argazkia: Asier Errasti. HamaikaTb

    Gure gizartean maiz goraipatzen diren elkarbizitza, aniztasun, inklusio edo berdintasuna sustatzeko ezinbesteko tresna bezala aipatzen da maiz Hezkuntza gure politikarien ahotan. Edonola, hitzak ez dira ekintzekin sostengatzen, eta egoerei aurre egiteko momentuan gure gobernuen ekintzek esandakoaren kontrakoa diote.

    Salatzekoa da, aniztasuna modu desorekatuan banatuta dagoela EAE-ko ikastetxeetan. Eta egoera honen aurrean, jakina da aniztasunak sortzen dituen desorekak konpontzeko hezkuntza publikoa ezinbesteko tresna dela. Gainera, gizartearen kohesiorako tresna hoberena ere badela frogatu du euskal eskola publikoak azken 30 urteetan, besteak beste, gehien euskaldundu duen sarea izan baita.

    Aldiz, Eusko Jaurlaritzak, behin eta berriro egin du hezkuntza publikoaren kaltetan: murrizketak, hezkuntza lege proiektuaren aldebakarreko lanketa, ikasle ratioen igoera, lanpostu suntsiketa, onartezina den behin behinekotasun maila...

    Gure hezkuntza sistemak ezberdintasunei aurre egiteko neurri zehatz eta eraginkorrak zein baliabide gehiago behar ditu eta ez isileko pribatizazioa indartzen duten erabakiak.

    Gaurkoan, hemen bildu gara esandakoaren adibide garbi bat salatzeko. Izan ere, Ordizian 2018-19 ikasturtearako matrikulazio prozesuan irregulartasun larriak eman dira.

    Ordizian, Eskola Publikoan, Haur eta Lehen hezkuntzan, EAEn jatorria duten familietako ikasleak %63 dira eta jatorri atzerritarra duten familietako ikasleak %37. EAEn eskolatzen diren jatorri atzerritarreko familietako ikasleen %87k Eskola Publikoetan egiten dute eta %13k Ikastolan. Haur Hezkuntzan desoreka oraindik ere handiagoa da, EAEn jatorria duten familietako ikasleak %53 baitira eta jatorri atzerritarra duten familietako ikasleak %47. Jatorri atzerritarreko familietako ikasleen %89 Eskola Publikoan eskolatzen direlarik eta %11 Ikastolan.

    Egoera hau izanik, iaz Hezkuntza Sailak 2018-19 ikasturterako Ordiziako Jakintza ikastolak 3 urteko mailan 3.gela ituntzeko egin zuen eskaera atzera botatzea erabaki zuen. Horren ondorioz, planifikaziotik kanpo geratzen ziren 11 ikasleren familiek bigarren aukera moduan aukeraturiko Lazkaoko San Benito Ikastolan matrikulatu zituzten.

    Ikasturte honetan jakin dugu ordea, 1/2018 matrikulazio dekretua urratuz, Hezkuntza Sailak 11 ikasle horien matrikulazioa aldatu eta Jakintza Ikastolan matrikulatu zituela planifikatu gabe zegoen gela batetan. Eta horri jarraituz, Jakintza ikastolak 2019-20 ikasturterako 4 urteko mailan 3. gela ituntzeko egin duen eskaera behin behinean onartzea erabaki duela.

    Esan beharra dago gainera, planifikazio aldaketa hori Gipuzkoako lurralde ordezkaritzako 2 teknikari desbedinek eginiko aurkako 4 txostenak kontutan hartu gabe egin dela.

    Oso larria iruditzen zaigu Jaurlaritzak desorekak aeragotzen dituen neurriak bultzatzea eta hauek gainera irregulartasun larriak eginez gauzatzea.

    Horregatik, gaur hemen bildu garen sindikatuok ( STEILAS, ELA eta CCOO) aipaturiko praktika hauek salatzera gatoz. Ez dugu gure eskola publikoaren kontrako lege urraketa honen aurrean ezikusiarena egingo eta gai honekin fiskaltzara joko dugula jakinarazi nahi dugu gaur hemen.

    Eskola publikoaren kontrako erasoen aurrean tinko mantenduko gara, ez konplize. Argi dugulako, iruzur honen atzean erabaki politikoak daudela, gure euskal eskola publikoaren kontrako erabaki politikoak alegia.

    Esta web utiliza cookies propias y de terceros para optimizar su navegación. Si continúa navegando está dando su consentimiento para su aceptación y nuestra politica de cookies, haga click aqui para más información y ver cómo desactivarlas.