EAEko Hezkuntza Sailaren inprobisazioa eta arduragabekeria, agerian berriz ere

  • Azken egunotan sindikatuok salatu bezala, ikasketa presentzialetara itzultzeko EAEko Hezkuntza Sailaren planaren atzean erabateko inprobizasioa eta arduragabekeria dagoela agerian geratu da gaur.

15/05/2020.

Gaur bertan, Cristina Uriartek jakinarazi du klase presentzialen itzulera aste bete atzeratuko duela, hau da, data berri bat eman digu, maiatzaren 25a, alegia. Oraindik ez dugu ordea gure hezkuntza- komunitatearen osasuna bermatzeko hartuko diren neurrien berri. Zentzugabea iruditzen zaigu data zehatzak izatea eskoletara noiz bueltatzen garen baldintzatzen dutenak eta ez osasun eta segurtasun neurriak bete izanaren ziurtasuna.

Berriro eskatzen diogu Hezkuntza Sailari neurri horiek langileak ordezkatzen ditugun sindikatuokin negoziatu eta hezkuntza komunitatearekin adostu ditzan. Oraingoan ere argi utzi du sailburuak errealitatetik kanpo dagoela. Zorionez, gure hezkuntza komunitate zentzudun eta indartsuak ozen esan dio sailburuari begi-bistakoa zena, maiatzaren 18rako ez direla betetzen langileak eta ikasleak ikastetxeetara segurtasun osoz itzuli ahal izateko baldintzak. Bide batez, ohartarazten diogu berdin gertatuko dela etorkizunean gurekin elkarlanean aritu ezean. Ondorioz, data finkatu beharrean, ikastetxera itzulera abian jartzeko lehendabizi elkarlanean hastea eskatzen diogu, soilik horrela bermatuko du langile, ikasle eta zabalkundez gizarte osoaren osasuna.

Zaila egiten zaigu Cristina Uriarte sinestea hezkuntza komunitatearengan tentsio gehiago ez jartzeko nahia argudio gisa erabiltzen duenean. Argi dago hezkuntza komunitate guztia aztoratu duen inprobisazio eta berme juridikorik gabeko erabaki baten ondorio direla gaurko gertakariak.

Ikasketa presentzialetara osasuna bermatuz itzultzeko neurriak, protokoloak eta baldintzak negoziatzeko prozesu errealak abian jarri eta adosten ez diren bitartean, ikasketa presentzialik ezin dela egon berresten dugu sindikatuok.

Documentación asociada
Documentación asociada

Esta web utiliza cookies propias y de terceros para optimizar su navegación. Si continúa navegando está dando su consentimiento para su aceptación y nuestra politica de cookies, haga click aqui para más información y ver cómo desactivarlas.