Hezkuntza Sailak hurrengo ikasturtea langileokin negoziatu eta adostu dezan mobilizaziorako deia egiten dugu

  • Ostegun honetan, ekainaren 25, arratsaldeko 17.30etan Bilbon egingo dugun mobilizazioarekin bat egin eta Hezkuntza Sailari hurrengo ikasturtearen negoziazioa exijitzeko kaleak hartzera deitzen ditugu hezkuntzako langileak.

Maiatzaren 7an Cristina Uriartek EAEko ikastetxeetarako ikasturte bukaera eta aurrez-aurreko ikasketarako plana aurkeztu zuenetik, Hezkuntza Sailaren kudeaketa negargarria izan da; aldebakarreko erabakiez jositakoa, negoziatu eta adostu gabekoa eta langile, ikasle zein familiengan ziurgabetasun egoera sortu duena. Asterik aste hartutako erabakiak atzera bota behar izan ditu, bereziki Hezkuntza komunitatearen presioaren ondorioz abian jarri nahi izan zuen Maiatzaren 18ko aurrez-aurreko ikasketetarako itzulera.

25/06/2020.
Manifestación Bilbao 25 junio 2020

Manifestación Bilbao 25 junio 2020

Argipenik eman ez duen, ardurak bere gain hartu ez dituen zein pandemiak sorturiko salbuespen egoera baterako kudeaketan lidergorik hartu ez duen Hezkuntza Saila aurkitu dugu parez pare. Aurrez aurreko ikasketa eta ikastetxeetarako bueltan segurtasun eta osasun neurriak langileon ordezkari garen sindikatuokin negoziatu nahi izan ez dituen zein hezkuntzako sare guztietarako irizpide komunik negoziatu ez eta eman ez dituen Hezkuntza Saila.

Ikasturte bukaera honen aurrean, EAEko hezkuntzako sindikatu guztiok, 2020/2021 ikasturte hasiera langileon ordezkariekin adostu eta negoziatzeko bilera eskaera egin eta Hezkuntza Sailari zuzendutako dokumentu propositibo bat erregistratu genuen, hurrengo ikasturte hasierak kontuan hartu beharko lituzkeenak jasotzen zituena. Ohiko ikasturte hasiera bat izango deneko ideia alboratu eta eman daitezkeen eszenatoki errealista desberdinen aurrean aurreikuspenak zein plangintza orokorrak eta eszenatoki bakoitzera begirako baliabide, segurtasun neurri eta baldintzak, langileon ordezkariokin partekatu, negoziatu eta adostea galdegin genion.

Sindikatuok ez dugu Hezkuntza Sailari egindako proposamenaren inguruko erantzunik jaso, are gehiago, beste eragile batzuekin eseri eta hitz egin badute ere, sindikatuok gutxietsi gaituzte. Gauzak horrela, ekainaren 25eko mobilizazioan hurrengo ikasturterako oinarrizko aldarrikapen komun batzuk bete daitezela exijituko dugu hezkuntzako sindikatu guztiok.

Hezkuntza Saila ezin da Covid-19ak sorturiko egoeraz baliatu aldebakarreko erabakiak hartzen jarraitu eta oinarrizko zerbitzu publikoa den Hezkuntza ahultzeko. Azken hilabeteotan gertaturikoak zerbitzu publikoak inoiz baino gehiago indartzeko ordua dela argi utzi digun arren, ez dirudi Hezkuntza Sailak gure hezkuntza sistema indartzeko asmorik duenik. Hezkuntza publikoan, azken egunotan jada, kezka ikaragarriz ikusten ari gara datorren ikasturteari begira murrizketa gogorragoen aurrekari izan daitezkeen hainbat erabaki murriztaileen aplikazioa. Besteak beste IRALE ikastaroak bertan behera uzteko asmoa edota ikastetxeetara helarazitako lanpostu zerrendetan aurreikusitako lanpostu suntsiketa.

Honenbestez, eskoletako langileon kolektibo guztiei kalera ateratzeko deia luzatzen diegu, Hezkuntza Sailari nahikoa dela esan eta negoziazioa exijitzeko. Garbitzaileak, 0-3ko haur hezitzaileak, hezkuntza laguntza espezialistak, irakasleak, atezainak, sukaldariak, jantoki eta autobusetako begiraleak, zuzendaritza-taldekoak, administrari eta zerbitzuetakoak, den-denak atera gaitezen kalera. Hurrengo ikasturte hasiera langileokin negoziatu eta adostu behar du Hezkuntza Sailak, orain arte lortutako eskubide bat bera ere urratu eta murriztu gabe!

 

 

Esta web utiliza cookies propias y de terceros para optimizar su navegación. Si continúa navegando está dando su consentimiento para su aceptación y nuestra politica de cookies, haga click aqui para más información y ver cómo desactivarlas.