EAEko hezkuntzako grebak langileen, ikasleen zein familien aldetik babes zabala izan du

    Hezkuntza Sailari egoerak eskatzen duen ardura behingoz bere gain hartu eta aurrez aurreko ikasturte segurua eta adostua bermatzeko neurri zein baliabideak abian jartzea galdegiten diogu. Horrela soilik bermatu ahalko ditu osasuna eta kalitatezko hezkuntzara.

    16/09/2020.
    20200915 Greba hezkuntzan

    20200915 Greba hezkuntzan

    Jaurlaritzaren greba eta mobilizazioak oztopatzeko saiakenren gainetik, EAEko Hezkuntzan ordezkaritza daukagun sindikatuok gaurko deitutako grebak oso babes zabala izan du. Zerbitzu minimoetan ez diren langileen ehuneko handi batek greba egin du. Bestalde, zerbitzu minimoak medio ikastetxean geratzera behartuak izan diren langileek ere ozen adierazi dute grebaren bitartez azaleratu nahi diren aldarriekiko beraien babesa. Osotara, greba egin ahal zuen langileen %70 grebara atera da, eta beste hainbestek bat egin dute zerbitzu minimoetan egon arren.

    Jaurlaritzak greba desaktibatzeko eta honen bitartez salatu eta azaleratu nahi ditugun arazoak ikusezin bihurtu nahi izan ditu, hildo horretatik, azken egunotan bere kudeaketa tamalgarria eta planifikaziorik eza ezkutzatzeko saiakera nabariak egin duen bezalaxe. Alde batetik, inolako zehaztasun eta baliabide aurreikuspenik gabe, azken orduko aldebiko bileretara deitu gintuen Sailburu berriak, ondorenean asmo propagandistiko hutsa baino ez zuten adierazpenak egiteko. Bestetik, atzo, azken momentuan inoiz baino zerbitzu minimo handiagoak ezartzen zituen agindua eman zuen jakitera, ikastetxeen antolakuntzan anabasa egoera berri eta onartezina sortuz.

    Hala ere, langileok gaurko egunean antolatutako manifestazioetan izan dugun parte hartzea aipatzekoa da, pandemiak horrelako ekimen batera begira suposatzen dituen zailtasunak agerikoak izan arren, hiru hiriburutan egin diren manifestazioetan 17.000( 8.000 inguru Bilbon, 5.000 inguru Gasteizen eta 4.000 inguru Donostin) langiletik gora batu baikara . Tokiko ikastetxe ugaritako Guraso elkarteek ere parte hartu dute antolatu diren manifestazioetan, eta ikasle mugimendu ugarik eman diote babesa greba egunari eta mobilizazioak antolatu dituzte gaurko egunerako.

    Gure eskaerak argiak dira: langile kolektibo guztietan ratioak jaitsi eta plantillak handitzea, garbitzaile, sukaldari, 0-3ko haur hezitzaile, premia berezietako laguntzako espezialista, jangela eta garraioetako begirale zein irakasle izan; protokoloak jasotzen dituen Norberaren Babesarako Ekipamenduak ikastetxeetan lehenbailehen egotea, bereziki gertuko harremana duten premia bereziko espezialista zein hezitzaileen kasuan; geletan pertsonako 3m2 eta 1,5 metroko distantzia egotea, geletan gehienez ere 10-15 ikasle egonik, 0-3 zikloan talde txikiagoak ahalbidetuz; espaziorik ez dagoenez bestelako eraikinak zein espazio naturalak baliatzea; sorturiko arrakala soziekonomiko, pedagogiko, teknologiko zein euskararekikoa murrizteko neurri eta baliabideak jartzea; ikasle guztientzat jangela zerbitzua bermatzea; curriculumaren egokitzapen eta murriztea ikasleen behar emozionalak ere kontuan hartuz; egoera zaurgarri zein sentikorrean dauden langileak babesteko neurriak ezartzea eta kontziliaziorako baimen ordaindua ematea.

    Hezkuntza Sailari urgentziaz egoerak eskatzen duen ardura behingoz bere gain hartu eta aurrez aurreko ikasturte segurua eta adostua bermatzeko neurriak zein osasuna eta kalitatezko hezkuntza bermatzeko baliabideak abian jartzea galdegiten diogu behingoz; bestela mobilizazioekin aurrera jarraitu beste biderik ez digu utziko.

    Euskal Herrian 2020ko Irailak 15ean

    Esta web utiliza cookies propias y de terceros para optimizar su navegación. Si continúa navegando está dando su consentimiento para su aceptación y nuestra politica de cookies, haga click aqui para más información y ver cómo desactivarlas.